domingo, 27 de febrero de 2011

VALDEHUNCAR-NAVALMORAL II MARATOI ERDIA




2010eko abenduaren 19-a



La Matako Valdehúncar-Navalmoral maratoi erdiko lehen edizioan 2009. urtean parte hartu eta gero, oso pozik gelditu nintzen kirol proba berri honekin, bai antolakuntzarengaitik, bai ibilbidearengaitik. Ibilbidea Valdehúncar herritik irten eta Navalmoral de la Mata-n bukatzen da, biak Extremadurako Campo Arañuelo eskualdean.
Lasterketa bigarren mailako bideetatik igarotzen da Extremadurako dehesa igarotzen, eta puntu batzutan oso ederra da, urrutian Gredoseko mendilerroa bere tontor garaienekin argi ikusten delarik; Almanzor (2592m.), La Galana (2564m.), La Mira (2341m.)......tontor hauetan elurrak agertzen direnean askotan “galtzen” naiz. Momentu horretan besteak baino gehiago jarri
behar nuela erabaki nuen, sufrimendua parajearen edertasunagaitik arindua gelditzen bait da.
Era horretan, eta lehenengo edizioa 1:18:08 denboran amaitu eta gero, bigarren edizio hau 1:17:00 denboratik behera egiteko prestatu nintzen.

Aurreko urtean aurreikusi bezala, 8 asteko aurrerapenarekin proba prestatzen hasi nintzen, denbora librea topera aprobetxatzen eta lasterketa jarraia eta serieak txandakatuaz, baina asteburutako 80 eta 120 kilometrotako bizikleta irteerak eta teknika hobetzeko igeriketa entrenamenduak deskuidatu gabe, hurrengo urteko triatloi denboraldi hasierarako oinarri on bat izateko.



Berehala berriz ere “arin” sentitzen hasi nintzen, beraz, nire helburua lortzeko itxaropentsu nengoen momento hartan. Baina lasterketa baino 10 egun lehenago, goizean ondoezik jaiki nintzen, sukarra eta eztularekin. Hasieran hiru egunetako gauza izango zela pentsatu nuen, baina hobetu ezean, egoerak txarrera egin zuen eta lasterketan parte hartzea ezinezkoa izango zen pentsatzen hasi nintzen.
Hala ere, izena eman nuen, eta nire helburua lortzea oso urruti geldituko zitzaidala ikusirik, lehenengo kilometrotan sentsazio onak izanez gero aurreko urteko marka gainditzea jarri nuen helburu bezala, nahiz eta segundu bakar bategaitik izan; edo giroaz, paisaiaz edo lasterketa kideez disfrutatzea sentsazioak txarrak izanez gero.

Eta azkenean heldu zen egun handia. 7:30etan irtetzeko geratua nengoen, beraz, denbora nahikoarekin jaiki nintzen. Goizeko 6:00etan pomelo eta laranja zuku batekin, sagar batekin, zonalde honetan ain gozoa den urdaiazpiko iberiko bokadillotxo batekin, yogurt eta te batekin osotutako gosari batekin gozatu nuen.

Navalmoralera 9:00etan heldu nintzen eta dortsala hartu ondoren, beste korrikalari batzuekin geratuta nengoen denak batera irteerara joateko, Valdehuncar-en. Irteeraruntz gindoazela, kotxean betiko nerbioak hasi ziren, lasterketako aldapa lagungarri etakaltegarriak komentatzen genituen bitartean. Eta hórrela heldu ginen irteerara. Jendea berotzen zegoen jadanik eta berehala hasi ginen aurpegi ezagunak ikusten.

Musika bozgorailuetatik entzuten zen eta kotxetik bajatu ginen. Giroa ederra zen, ez zuen aurreko urteko zero azpiko 4 graduekin zerikusirik; txandala kendu, dortsalak jarri eta berotzen hasi ginen.
Ordua heltzen zihoan einean, irteera arkura hurbiltzen joan ginen. Azkenean irteerarako deitu zuten eta aurrean jarri nintzen ibilbidearen lehen atalean denbora asko ez galtzeko. Gogoratzen nuenez, aurreko urteko ibilbidea zonalde batzutan buztinez beteriko bide bat zen.



Irteera eman eta herriko bideetan barren lehen metroak egin ostean, taldea luzatzen hasi zen. Aurretik faboritoak, oraindik jarraitu zitekeen erritmo batean. Jarraitzeko gai nintzen, baina erritmoa pixka bat moteltzea erabaki nuen, erritmo aldaketa egiten asko tardatuko ez zutela banekielako eta inoren lurrean gelditzea baino, bigarren talde batean gelditzea nahiago nuen.
Bigarren taldearen erritmoa ondo aguantatzen nuen, nere sentsazioak onak ziren eta taldetik tira egitea pentsatu nuen al nuen partaide gehienak atzean lagatzeko.
5. kilometrora heldu ginen, lehen anoa-postua zegoen tokira. Ez nuen urik hartu, baina barre egin nuen antolakuntzako bolondresak Papa Noel-ez jantzita ura ematen ikusi nituenean.
Aurreko taldea ilara luze batetan ikusi nuen; norbait gogor ari zen tiraka. Gu sei bakarrik geratu ginen taldean, eta ez genuen erritmoa ahultzen utzi. Batek erritmoa ahultzen zuenean, besteak hartzen zuen burua.
8. kilometroan hasi zen borroka. Taldean erritmo aldaketa bortitz bat egon zen taldea bitan banatu zuena. Bigarren taldean gelditu nintzen, aurrerago, goruzko aldapa zuen zonalde batetan, berriz ere taldea 13. Kilometroa baino lehenago harrapatzeko esperantzarekin. Kilometro horretan aldapa behera hasten zen berriz ere.
Tartea murriztu nuen, baina ez zen nahikoa izan, eta aurrekoak harrapatzeko xedea bertan bera utzi nuen eta defendatzeko eta Navalmoraletik igarotzen ziren 4 azkenengo kilometrotan berriz ere goraka egiten zuenez berriz saiatzeko erabili nituen indarrak.
Aurreikusia nuen bezala 17.kilometroan berriz ere erritmoa aldatu nuen, geratzen zen aurkari bakarra atzean utziaz eta aurrekora hurbilduaz. Hori harrapatzea oso zaila izango zela argi neukalarik, erritmoa ez bajatzeko eta atzetik harrapatua ez izateko motibazio bezala erabili nuen.
Kronometroa 1:17:28an geratu nuen 320 partaideren artean sailkapen nagusiko 11. postua eta nire mailako (beteranoak A) 3. eskuratuaz. Beraz, helburua lortzeagaitik pozik eta hurrengo urtean berriz ere nire marka hobetzeko nahiarekin gelditu naizt. Orain lortutako markaz gozatzea besterik ez zait geratzen.




Jesús Berjoyo Morro

No hay comentarios:

Publicar un comentario